Tokiko Agenda 21ek argazki lehiaketa antolatu du

Uztarria.com 2002ko mar. 5a, 16:03
Guztira hamabi sari izango ditu lehiaketak

Azkoitia-Azpeitia Agenda 21ek Gure inguruari begirada bat lemapean argazki lehiaketa antolatu du, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Azpeitiko Argazki Elkartea eta Anaitasuna Mendi Bazkunaren laguntzarekin. Guztira hamabi sari izango ditu lehiaketak.

"Gure inguruari begirada bat" argazki lehiaketa Azkoitiko eta Azpeitiko Udala garatzen ari diren Tokiko Agenda 21aren esparruan antolatu da, eta honen bidez antolatzaileek "Tokiko Agenda 21aren ezarpen prozesua sustatu eta zabaldu" nahi dute, herritarren artean "ingurumenarekiko kontzientziazioa" bultzatu asmoz.

Lehiaketan nahi duten argazkizale guztiek parte hartu dezakete, gai bezala Agenda 21 aren kontzeptu eta filosofiarekin zerikusia duen guztia izan daiteke, hala nola ingurumen naturala, hiri-ingurunea, garraioak, ura, hondakinak, energia, industria edota zarata. Alde positiboa ala negatiboa erakutsiz. Argazkietan ahal den neurrian urtaroak islatzea eskatzen dute antolatzaileek eta eremu geografikoa berriz Azkoitia eta Azpeitia izatea. Argazki lanak 2002ko urriaren 18a arteko epean aurkezteko aukera dago. Eta 120 euroko hamar sari banatuko dira eta 180 euroko bi sari berezi, bata modalitate positiboari dagokiona eta bestea negatiboa edo salaketa-argazkiari dagokiona.

Aurkezteko erari dagokionez, 35 mmko koloretako diapositibak izan beharko dute, manipulazio digitalik gabekoak eta egile bakoitzak gehienez horizontalean eginiko hamar argazki aurkeztu ditzake. Dipaositiben markotxoan lema eta modalitatea idatzi beharko da aurkezterakoan, gutunazal itxi batean sartuta eta gutunazalean ere lema idatzita eraman beharko dute, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa, aurkezturiko diapositiba kopurua, bakoitzaren titulua, egilearen elkartea (hala den kasuetan) idatzi beharko dira. Argazkia zein lekutan atera den adieraztea ere beharrezkoa da.

Bidalketak postaz, behar bezala babestuta eta gastu guztiak ordainduta Agenda 21 (Gure inguruari begirada bat, argazki lehiaketa) Enparantza Nagusia, 5. 20730 Azpeitia edota Agenda 21 (Gure inguruari begirada bat, argazki lehiaketa) Herriko Enparantza z/g 20720 Azkoitia helbideetako batera egingo dira.