Kalitateko produktu erreferentziala helburu

Uztarria Azpeitiako Herri Aldizkaria 2002ko mar. 1a, 17:03

"Kalitateko produktu erreferentziala helburu" iritzi artikulua Euskonews&Media aldizkariaren gaurko alean argitaratu da. Ale honetan Tokiko Komunikabideen hausnarketa egiten da, eta bertan Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkariko artikuluaz gain beste tokiko komunikabideenak ere irakur daitezke.

1. GLOBALIZAZIOAREN AROAN LOKALISMOAK INDARRA.

Hitzetik hortzera dabilen hitza da globalizazioa. Mundua globalizatzen ari da, batik bat ekonomia arloan. Informazioaren atala ere prozesu horretan murgildua dago, eta, hala, gaur egun noiznahi lor daiteke urruneko zerbaiten (ez edozeren) berri teknologiaren aurrerapenari esker. Baina globalizazioaren aro honetan, sekulako garrantzia du lokalismoak, eta hor egundoko zeresana eta zerikusia dute, esate baterako, herri komunikabideek.

Izan ere, edozein eratako informazioa nahikoa eskura dagoen honetan, herritarrek gero eta estimu handiagoa diote gertuko albisteei. Baliteke hauxe izatea horren arrazoietako bat: informazioaren uholdearen garaian, herritarrak ez dira gehiegi fio kanpotik jasotzen dituzten zenbait albistez, informazio-enpresa erraldoien bidez manipulatuak direlakoan, eta, horrela, urrutitik iristen diren albisteekin informazio-hartzailea defentsarik gabe geratzen da, nolabait esanda, ezin kontrastatuz bezala. Aldiz, herri komunikabideei sinesgarritasun handiagoa ematen diete herritarrek beraiek, albisteak gertuko zaizkielako, eta horrek, azken batean, informazio hori haientzat interesgarriagoa izatea ere ahalbidetzen du.

Euskal Herrian 1980ko hamarkadaren azkenaldera hasi ziren euskarazko herri aldizkariak sortzen, eta urte hauetan guztietan garbi geratu da estimua dutena. Euskarazko herri komunikabideak ugarituz joan dira, ez molde bakarrekoak gainera (adibidez, Azpeitian 1999ko azaroan sortu zen Uztarria herri aldizkaria eta 2002ko urtarrilean www.uztarria.com web orria), eta aurrera begira ere badago zereginik.

2. EUSKARAZKOA EZ EZIK, KALITATEKOA ERE BEHAR DA.

Euskal Herrian, aldizkarien alorrean, hein handi batean, euskarak bereganatu du informazio lokalaren esparrua, euskalgintzaren lanari esker, eta, beraz, euskalgintzak izan du abileziarik horretan. Hori dela eta, lehen euskaraz irakurtzera ohituta ez zegoen jendeak badaki zer den euskaraz leitzea, eta euskarazko aldizkarien hartzaile bihurtu da. Euskararen militanteak dira beste hartzaileak, euskarazko ekimen oro bultzatzea beharrezkoa delako haientzat. Horrek guztiak euskarazko herri aldizkariek —norberak bere tokian— milaka irakurle izatea ahalbidetu du, baita ehundaka bazkide eta hamaika bezero izatea ere.

Dena dela, lehen batik bat helburua herri informazioa euskaraz ematea baldin bazen, iritsi da garaia herri informazioa, euskaraz ez ezik, kalitatez emateko ere. Eta hor euskarazko herri aldizkariak atzean geratzen ari dira, kalitate aldetik gutxi aurreratu delako oro har; jokabidean inertzia handiegia dute.

Hortaz, hausnarketa egin beharra dago, eta orain dela hamar-hamabost urteko garaia eta gaur egungoa desberdinak direla ikusi beharra. Alegia, batetik, gaur egun euskarazko egitasmoak ezin dira hartzaileen euskararekiko militantzian soilik oinarritu, militantzia, zoritxarrez, beheraka baitoa. Eta, bestetik, herritarrek gertuko albisteei garrantzia handia ematen badiete ere, herri aldizkariak ezin dira lo gelditu, kontuan hartu behar delako erdarazko enpresa handiak hasiak direna informazio lokalaren esparruan sartzen -beren baliabide ugarirekin-, eta, halaber, kontuan hartu behar da herritarrek gaur egun bestelako informazio gehiago ere badutena -argitalpen espezialduak eta aisiakoak, batik bat-,zein baino zein apainagoak. Horrenbestez, hartzaile kopurua eta merkatua murrizteko arriskua areagotzen ari da, eta, beraz, euskarazko herri aldizkarien eraginkortasuna txikitzeko arriskua ere bai. Eta garrantzitsua da eraginkortasuna aipatzea, aldizkariok helburu jakin bat behar dutelako: euskara zabaltzea eta hizkuntzari prestigioa ematea, herriari protagonismoa ematea, eta gertuko informazio hori modu zabal baina nortasuneko ikuspegi batetik ematea.

Arrisku horiek kontuan hartuta, herritarrei euskarazko produktu bat ezin zaie eskaini euskarazkoa delako soilik; kalitatekoa ere eskaini behar zaie, eta gaur egun herri aldizkariek, oro har, pauso hori emateke dute. Eta bada garaia emateko.

3. KALITATEKO PRODUKTUAREN ZUTABEAK.

Herri aldizkari bakoitzak ezagutzen du ondoen bere eremua, eta, beraz, herri aldizkari bakoitzak daki ondoen produktua zertan eta nola hobetu behar duen. Dena dela, ez legoke gaizki ildo horretan euskarazko herri aldizkarien elkarteak -Topaguneak- laguntza eskaintzea. Kontuak kontu, Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren ustez, hauek dira, labur-labur azalduta, kalitatearen urrats hori egiteko zenbait zutabe:

3.1. Edukia. Herri aldizkaria horixe da, aldizkaria, eta, beraz, edukiaren tratamenduak aldizkariari dagokiona izan behar du. Orduan, betiere aktualitatean oinarrituta, gaien aukeraketan selektiboa izan behar du, gai propio gehiago landu behar ditu, eta produktuari nortasuna emango dioten atal txikiak sartu (elkartearen helburuekin bat egiten duten edukiak, edota herriko historiaren atalak...).

3.2. Diseinua. Herri aldizkariak gero eta apainagoa, erakargarriagoa izan behar du. Edukia da garrantzitsuena, baina oso garrantzitsua da edukia edertzea.

3.3. Kazetarien trebakuntza. Aldizkariko kazetariak, langile militantea izan behar du; hori, lehendabizi. Behin profil horretako kazetaria lortu ostean, kazetariak etengabeko trebakuntzan jardun behar du: maketazioan, argazkigintzan, euskaran, idazkeran, kazetaritzan-Aldizkariaren produkzio osoa inola ere kazetariaren esku utzi gabe -aldizkaria ez baita kazetariarena, elkartearena baizik- ,hein handi batean kazetariak hasi eta bukatuko du aldizkaria bera, eta, ondorioz, kazetaritzako atal guztiak dominatu egin behar ditu. Adibide bat jartzearren: kazetariak izan behar du berak egindako erreportai baten maketatzailea, berak baitaki ondoen informazioa nola aletu. Gainera, herri aldizkariek dirua sobera ez dutenez -ez dira jaio enpresa izateko, eta ez dira inoiz izango enpresa, azkenaldian batzuek iradoki bezala- ,kazetari balioanizdunak lortuz gero, dirua aurrez daiteke, eta aurrezten den diru hori beste inbertsioetarako erabili.

3.4. Iritzia eta zerbitzuak. Herri aldizkariak izan behar du herriko produktu erreferentziala, eta, bide horretan, garrantzitsua da iritziaren atala (aniztasunean oinarrituz eztabaidak planteatuz, inkestak, hausnarketak...)eta zerbitzuarena (etxegintza agentzien eskaintzak, bestelako eskaintzak, telefono zenbaki ugari...)ondo eta zabal lantzea, merezi duten hedadura emanez.

4. ...ETA EGUNEROKO HUTSUNEA NOLA BETE?

Euskarazko herri aldizkariek oso funtzio garrantzitsua bete dute orain arte, baina ez dira gai izan eguneroko herri informazioa jorratzeko eta hutsune hori betetzeko. Eta ez dirudi aldizkariak beraiek bakarrik gai direnik edo izango direnik hutsune hori betetzeko. Baina galdera da: euskarazko herri aldizkariek bete behar al dute hutsune hori?

Gaur egun Euskal Herrian gaztelaniazko prentsa espainola da eguneroko herri informazioaren jaun eta jabe, eta atal hori ondo jorratzen dutenez, irakurleak bereganatu egiten dituzte (milaka eta milaka abertzale haien artean), bezeroak ere bai (ehundaka bezero eta enpresa abertzale haien artean) eta, horrela, abertzaleak proiektu espainolak finantziatzen ari dira oharkabean; adibidez, euskarari laguntzen ez dioten proiektuak. Gaztelaniazko, frantsesezko eta euskarazko egunkari abertzaleak ez dira gai izan eguneroko herri informazioaren eremu hori ondo lantzeko eta eremu horretaz jabetzeko, eta ez dirudi bide horretan doazenik. Egoera kezkagarria da, bistan denez.

Hortaz, euskarazko herri aldizkarien garaia iritsi al da esparru horretan zerbait egiteko? Herri aldizkarien terrenoa al da hori? Edo egunkari abertzaleekin elkarlanean jardun behar dute?… Galderak. Eta eredu bat: Tolosaldea bailaran Galtzaundi Tolosaldeko aldizkariaren eta Euskaldunon Egunkaria-ren artean -hirugarren bazkide bat ere lortu "nahi" dute: gizarte eragileen ordezkaria- ,Tolosaldean Egunero egunkaria argitaratzen hasi berri dira: euskarazkoa, egunerokoa -astelehenetan izan ezik-,zortzi orrialdekoa, doanekoa, "zabala", "partehartzailea", "berria eta berritzailea", "praktikoa"...

Horra hor galderak, beraz, eta horra hor eredu bat. Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren ustez, aurrera begira erabakigarria baldin bada aldizkariok kalitatean jauzi bat ematea, euskaraz eman daitekeen eguneroko herri informazioaren terrenoaz hausnartzea ere garrantzitsua da. Uztarriak ez du uste Eguneroek kalterik sortuko liekeenik herri aldizkariei. Globalizazioaren garaian, euskarazko komunikabideen artean informazio lokalaren arloa modu globalean aztertzea litzateke kontua -egunerokoa eta aldikakoa-, eta gero inplikatuen artean proiektuei batasuna ematea. Azken batean, euskarazko kalitateko produktuak izateko herri informazioaren erreferentzia.

Beste artikuluak irakurtzeko egizu klik hemen