VII. Pilota Topaketak ostiralean izango dira herrian

Uztarria.com 2002ko ots. 26a, 18:02
10-11 urtetako 160 haurrek hartuko dute parte Topaketetan

Urtero legez, Pilota Topaketak izango ditugu herrian, martxoaren 1ean. Topaketa hauetan Azpeitiko, Azkoitiko nahiz Errezilgo ikastetxeetako LH 5. mailako ikasleek hartuko dute parte. Topaketak Ikasberri, Frontoi Txiki eta Izarraitzpeko pilotalekuetan izango dira.

Ostiralean, martxoaren 1ean, izango dira VII Pilota Topaketak herrian. Topaketa hauek 10:00etan hasiko dira Ikasberri, Frontoi Txiki eta Izarraitzpeko pilotalekuetan, eta Azpeitia-Azkoitia-Errezilgo sei ikastetxetako 160 ikaslek hartuko dute parte txapelketan. Ikasleak LH 5. mailakoak dira, 10-11 urte dituzte, beraz, eta Ikasberri, Karmelo Etxegarai, Milagrosa, Xabier Munibe eta San Martin (Errezil) ikastetxeetakoak dira.

VII. Pilota Topaketak Ikaspilotaren eskutik eta Kutxaren laguntzaz antolatu dira, Euskal Herri mailan, Euskal Pilota, ondare propio gisa, hezkuntza proiektuaren barruan txertatu eta eskola orduetan nahiz eskola kanpo egiten diren pilota jardueren artean zubi eta elkartrukea bultzatzeko xedeaz.

Ihazko partaidetza ikusirik, 135 ikasle eta sei ikastetxe, aurten ere parte hartze eta giro bikaina espero da. Antolatzaileek "gure kirolaz animatu eta gozatzeko" deia ere egiten die herritarrei.