Euskara lanbide dutenentzat eta euskara landu nahi dutenentzat lan-tresna berria UEMAren eskutik

Esteban J, Agirre 2002ko ots. 14a, 20:02

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) bere web orria berritu du, eta hantxe dira euskararen inguruko baliabideak UEMAkideen zein euskara lantzen dutenen eskura.

UEMAk bertara bildutako udaletan eta horietako arduradun politiko eta langileekin euskararen eta, zehazkiago, administrazio publikoetako euskararen normalizazioan dihardu.

Helburu hori gero eta eraginkortasun handiagoz gauzatzeko, web sarea tresna ezinbestekoa bilakatu da, UEMA bezala, Euskal Herriko herrialde guztietan barrena barreiaturik dagoen erakunde ororentzat. UEMAren apustua tresna hau UEMAkideen lokarri egitea da administrazioan euskararen normalizazioa gauzatzeko. Horretarako, erabat berritua ageri zaigu gaur UEMAren web orria www.uema.org

Orria zabalik dago edonorentzat, atal batzuetako edukiak UEMAko udalentzat bakarrik badaude ere. Lehengo orri zaharrean baino baliabide gehiago daude eskueran eta erabilgarritasun handiagoa du. Gonbitea egina dago nahi duenak web orria bisita dezan... eta erabilgarri zaizkionak eskura ditzan. Badira hor euskararen inguruko lagungarriak oro har eta administrazio publikoetako euskararakoak. Edonork erabiltzeko eran dauden atalen artean, gomendagarriak dira:

  • EUSKARA BALIABIDEAK: hizkuntza lantzeko aski tresna osatua, eskueran baitaude, denak batera bildurik, Euskaltzaindiaren arauak, entziklopediak, hiztegiak (on-line datu-baseak, zein PDF formatukoak), atsotitz-esamoldeak...
  • PROFESIONAL EUSKALDUNAK: udal lanetarako batik bat (ez ahaztu udal euskaldunak biltzen dituen erakundea dela UEMA) baliagarri izan daitezkeen eta beren zerbitzua ahoz zein idatziz euskaraz emateko gai diren profesionalen datu-basea. Hainbat bilaketa-mota egin daitezke: izenaren, herriaren, herrialdearen eta/edo lanbidearen arabera.
  • KULTUR ELEJIRA: udalerri euskaldunetako artistak (hainbat eta hainbat ia ezezagunak) biltzen dituen eta urtero hauei eskainitako emanaldi multzoa prestatzen duen ekimena.
  • HERRIAK...

Badira jadanik abian diren zerbitzuak: UEMA udaletako arduradun politiko eta langileentzako hizkuntz trebakuntza saioak. Eta, oraindik prestatze eta hobetze bidean den tresna izaki, baita laster webgune berak abian jarriko dituen zerbitzu berriak ere: UEMAkideen arteko solasgunea, etab.