Azken hilabeteotan alkate eta EAJ-Eako zinegotziek irainak eta erasoak jasan dituztela azaldu dute

Uztarria.com 2002ko ots. 13a, 19:02
Igandeko gertakaria

Gaur eguardian pasa den igandeko gertakaria dela eta, Jose Mari Bastida alkateak eskatuta Bozeramaileen Batzordea bildu da. Bertan, hiru alderdietako ordezkariak - EAJ-tik Iñaki Etxezarreta, EA-tik Jose Mari Beobide, eta Batasunetik Miren Odriozola - eta alkatea bera izan dira. EAJ eta EA-ko ordezkarien adostasunez idatzi bat atera dute. Batasunak bestalde bere aldetik beste bat atera du.

Hona hemen Azpeitiko udalaren eta EAJ eta EA alderdi politikoen erabakia.

Azpeitian joan den igandean gertatutakoa dela-eta, udalaren EAJ eta EA alderdi politikoek zera adierazi nahi dute:

  1. - Azken hilabeteotan alkateak eta koalizioaren zinegotzi batzuk mehatxuak eta irainak jaso dituzte udalerriko pertsona batzuengandik.
  2. - Joan den hilaren 10eko gertakariak aurrerapauso bat gehiago dira Udalaren kide batzuk jasaten ari diren erasoetan, izan ere, oraingo honetan, Alkateak eta zinegotziek eraso fisikoak jaso dituzte.
  3. - Irain eta eraso egoera hau jasaten ari diren alkateari eta zinegotziei babes eta elkartasuna adierazi.
  4. - Orain arte gertatutakoak eta joan den igandeko gertakizunetan jasotako irainak eta erasoak gogor salatu.
  5. - EAJ eta EA alderdi politikoek ez dute inolako presiorik onartuko eta Azpeitiko arazoei irtenbidea emateko elkarrizketaren bidea defendatzen jarraituko dute. Era berean, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte elkar-ulertze bideak erabiltzera, azken egunotako gertakariak berritu ez daitezen.
  6. - Nahiz eta irainak eta erasoak jaso, udalbatzaren EAJ eta EA alderdi politikoek herriaren alde lan egiten eta Azpeitiar guztien bizi maila hobetzen jarraitzeko konpromezua berritu nahi dute.

Alboan Jose Mari Bastida alkatea, aurpegiko zauriarekin. El Diario Vasco-tik ateratako argazkia.