Azpeitia-Azkoitian turismoa indartu nahi da

Uztarria.com 2002ko ots. 8a, 13:02
'Ohiturak eta festak' liburuxka aurkeztu dute

Atzo, Iraurgi Lantzenek Ohiturak eta festak liburuxka aurkeztu zuen. Aurkezpenean Azpeitiko Udaleko Turismo eta Merkataritza batzordeburua den Jabier Iraeta, Azkoitiko Udaleko Asier Aranbarri eta Jesus Agirre zuzendaria izan ziren. Bestalde, gonbidatuen artean Azpeitiko eta Azkoitiko ostalari, bidai agentzia eta abarretako ordezkariak izan ziren.

Bi udaletxetako eta Iraurgi Lantzeneko arduradunen esanetan,Ohiturak eta festak liburuxkan bi herriek biltzen dituzten zenbait ezaugarri jaso nahi izan dira, hau da: hizkuntza, kultura gastronomia eta folklorea. Liburuxka , Euskal Herrira hurbitzen diren bisitarien artean banatzea dute helburu, "Turismo bulegoetan, bailarako zenbait puntutan, museoetan eta hotel eta ostatu ezberdinetan banatuko dugu. Gero, guretzako turismoaren merkatu garrantzitsu diren azoketan ere egongo gara, esaterako orain egun gutxi FITUR-en izan gara".

Iraurgi Lantzeneko arduradunek azaldu zuten bertan, turismoa indartzeko ahalegin berezi bat egiten ari direla, "turimoa gaur eguneko gizarte fenomenoa da, ez da kostaldeko herrien kontua bakarrik, honetan herri txiki eta handi, denak ari dira lanean". Turismoa etorkizuneko sektore ekonomiko garrantzitsu bat dela esan zuen Jesus Agirre Iraurgi Lantzeneko zuzendariak. "Gaur egun Estatu Espainiarraren B.P.G.-ren (Barne Produktu Gordina) %6a baino gehiago turismoak du, Euskal Herri mailan %3a da. Beraz, sektore ekonomiko bezala turismoak etorkizun oparoa izan dezake, eta honetan ajente ekonomiko eta pribatuek zeresan handia dute. 1998an salto nabarmena eman zen eta ondorioz, sinesten hasi gara turismoak zeresan handia daukala".

Loiola turismoaren muina

San Inazio jaio zeneko 500. urteurrena ospatu zen Loiolan 1991. urtean. Ondorioz, Loiolako Santutegia zirkuitu turistiko batean sartu zen. "Loiola zirkuitu bati lotu zitzaion, orduan egin ziren ekintza eta sustapen lanari esker, zirkuitu horrek Fatima eta Lurdes-ekin lotzen du. 500. urteurrenaren ondorioa oraindik nabarmena da Loiolan", adierazi zuen Agirrek. Bestalde, Loiola 'Hiru tenpluen Ibilbidea'-n ere sartzen da. Hala nola, Zumarragako Antigua, Arantzazu eta Loiola lotzen dituen ibilbide horretan. "Ibilbide honek garai ezberdinetako eta arkitektonikoki ere ezberdinak diren hiru eliza biltzen ditu".

Aurrera begirako urratsak

Aurrerantzerako Iraurgi Lantzenek turismo alorrari lotutako zenbait asmo ditu, hauen artean elkarlanean bi herrietako turismo ajenteekin biltzen eta lanean hasteko asmotan da. Gainera, gaur egun Loiolan Turismo bulego bat jartzea aztertzen ari dira, "uste dugu aurki izango dugula bulego hau martxan". Inguruko herriekin ere lanean hasteko asmoak badituzte Iraurgi Lantzenekoek, Azkoititik hasi eta kostalderaino, hau da Zumaiaraino, udalekin turismo alorra lantzen hastekotan baitira.