XI. Santo Tomas 2001 Argazki Lehiaketa martxoa arte atzeratu dute

Uztarria.com 2002ko ots. 4a, 12:02

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako XI. Santo Tomas 2001 Argazki Lehiaketako sari banaketa eta erakusketa martxora arte atzeratu dira Antxieta Etxeko berritze lanak direla-eta. Lehiaketako sari banaketa eta erakusketa gaur arratsaldeko 19:00etarako aurreikusita ziren, baina atzeratzea erabaki da “herrian argazkiekin erakusketa egiteko leku egokirik ez delako une honetan” argazki elkartekoen esanetan.

Urtero bezala sari banaketa eta aukeratutako argazkilan onenekin osatutako erakusketa Antxieta Etxean egitekotan zen Azpeitiko Argazki Elkartea, baina eraikuntza berritze lanetan da, eta bestalde, Udaletxe azpia ere itxita da, igogailua jartzeko lanetan baitira une honetan. Horregatik, eta argazkiak erakusgai jartzeko leku egokirik ez delako herrian, bai erakusketa eta bai sari banaketa martxora arte atzeratzea erabaki dute. Epaimahaiak irabazleak aukeratuta ditu, baina oraindik sari banaketarako data zehatza erabakitzeko da.

XI. Santo Tomas 2001 Argazki Lehiaketan, guztira bederatzi sari banatuko dira, sei helduei (hiru kolore sailean eta hiru txuri/beltzezkoan) eta beste hiru gazteen mailan. Garaikur bana jasotzeaz gain, helduek Argizaiola Lehiaketarako gonbidapena ere jasoko dute.

Azpeitiko Argazki Elkartearekin harremanetan jartzeko eta informazio gehiago jasotzeko hemen egizu klik.