Miren Odriozola zinegotzia buru duen Udalbiltzako ordezkaritzak arazoak Porto Allegren

Azpeitiko Batasuneko Udal Taldea 2002ko urt. 31a, 17:01

Porto Alegreko (Brasil) Gizarte Foroan parte hartzera joandako Udalbiltzako ordezkaritzak bere partaidetza eragozteko ahaleginak salatu ditu, Miren Odriozola Azpeitiko zinegotziaren ahotik.

Udalbiltzako ordezkaritzak, eztabaidetatik kanpo eta proposamenak egiteko aukerarik gabe uzteko maniobrak baieztatu dituela jakinarazten du gaur Garak .

Arazoak akreditazioen inguru sortu dira, nahiz eta euskal ordezkariek garaiz eta behar bezala beteta eduki izen emateko agiriak. Antolamenduko arduradun batekin, Joao Carlos Ferrer, eta Porto Alegreko udaleko nazioarteko arduradun den Jose Enrique Pain Fernandezekin hitz egin ondoren, "gu hemen gaudelako espainiar ordezkaritzaren egonezina" adierazi zietela azaldu zuten. Izan ere, espainiarrek "Udalbiltza ez dute jotzen ohiko erakundeen parekoa eta guk foroetan parte hartzeari eragozpenak jarri dizkiote", esan zuen Miren Odriozolak.

Egoera argitzeko euren euskal hautetsi izaera eta Foroan egitekoak dituzten proposamenak berretsi behar izan dituzte. "Salatu duguna zera izan da: Herri agintaritzen foroaren leloa barneratze soziala baldin bada, eta Porto Alegreko udalaren dinamika demokrazia parte hartzailean oinarritzen baldin bada, hori guztia bat ez datorrela gure ekarpenak Foroaren aurrean aurkezteari trabak jartzearekin" azaldu du eledunak. Hainbat bilera egin eta "Herrietako Foroan gure parte hartzea eta Garzon epailearena batera ezinak direla esan zaigu" erantsi du Odriozolak.

Udalbiltzatik erantzun zaie, "ulertzen zaila gertatzen dela Foroaren gisako ekimen batera inperialismoaren eta globalizazioaren ordezkari nabarmen direnak konbidatzea".

Antolatzaileen aldetik Garzonen hitzaldian egon ez zitezen egindako ahaleginak ikusita, hitzaldira ez joatea erabaki dute Euskal Herriko hautetsiek eta komunikatua banatu dute hitzaldia izatekoa den hotelean bertan, "Garzon epaile espainiarraren zurikeria eta jokaera bikoitza" salatuz.