Uztarria.com Topagunearen jardunaldietan aipagai izan da

Uztarria.com 2002ko urt. 30a, 13:01

Urtarrilaren 19, Internet eta teknologi berriak herri erakundeentzako baliabide gisa izenburuarekin eskainitako hitzaldian Uztarria.com Azpeitiko herri-ataria adibide gisa aipatu zuen Code & Sintax enpresako Luistxo Fernandezek. Hitzaldiak teknologi berriei nola atera etekina azaltzea zuen helburu, eta Topaguneak antolatutako Euskara Elkarteen Kudeaketari Buruzko Jardunaldietan aztergai izan zen.

Luistxo Fernandezek Internet eta teknologi berriak herri erakundeentzako baliabide gisa eskeinitako hitzaldian erakundeek interneti etekina ateratzen hasteko hiru urrats proposatu zituen. Bi teknikoki errazak, eta barrura begirakoak dira. Internet informazioa lortzeko eta barne-komunikaziorako erabiltzea helburu duena hain zuzen ere, hauek erakundearen barne funtzionamendurakoak dira. Bilatzaileak, posta-zerrendak, boletinak, albiste iturriak eta beste baliabide batzuen erabilpena aipatzen du urrats hauetan. Hirugarrena, kanpora begirakoa, gizartearekin eta bezeroekin harremana ezartzea helburu du, teknikoki konplexua da, eta aplikazio aurreratuagoak aipatzen ditu atari korporatiboa, besteak beste. Hain zuzen ere, hirugarren urrats honetan uztarria.com webgune hau adibidetzat aipatu zuen, sustatu.com webgunearekin batera.

Topaguneak antolatutako Euskara Elkarteen kudeaketari buruzko Jardunaldiak urtarrilaren 18 eta 19an ospatu ziren Gernikako Elai Alai aretoan. Jardunaldien helburua Euskara gizarteratzeko helburua duten elkarteen kudeaketaren inguruko hausnarketa egitea zen, besteak beste. Hitzaldiak euskara elkarteetan ardurak dituzten pertsona guztiei zuzenduta zeuden. Hortaz, bada, elkarteotan borondatezko lana egiten duten pertsonek zein langileek, teknikariek eta, oro har, elkarteotan ari den edonork parte hartu ahal izan du jardunaldietan.