Udalak herritarren sinadurak biltzen segitzen du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia dela eta

uztarria 2002ko urt. 15a, 13:01
Abenduaren 2an Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, Azpeitiko Udalak egun hartarako euskararen aldeko sinadura ekitaldia antolatu zuen, baita, halaber, Eusko Jaurlaritzatik datorren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren hasierari bultzada emateko ere. Egun hartan Udalak esan zuenez, herriko gizarte eragileen 657 sinadura lortu zituen, eta herritarren atxikimenduak ere erdietsi zituen. "Pozik" azaldu ziren udal arduradunak. Dena dela, kanpainarekin aurrera segitu dute.
Harrezkero beste hainbat gizarte eragileren sinadurak lortzen aritu da Udala, eta herritarrenak ere bai. Esate baterako, astelehen honetan udal langile bat Lagun Onak Mendi Bazkunan egon da danborradan parte hartuko duten kideen atxikimenduak biltzen.

Udala, bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren inguruan hitzarmena noiz egingo dago. Uste baino gehiago ari da luzatzen kontua; izan ere, Eusko Jaurlaritza 2002ko aurrekontuak onartzeko arazo ugarirekin ari da topatzen Gasteizko Legebiltzarrean, eta badirudi aurrekontuak onartu arte ez dela aipatutako hitzarmena egingo.