Baserriko Argia erakusketa ireki da Azpeitian

Uztarria 2002ko urt. 9a, 15:01
EBELen Baserriko Argia ekimena

Euskal Herriko Emakume Baserritarren lanaren errekonozimendua aldarrikatzen duen Baserriko Argia ekimenaren izenburupean ireki da Juan Gorriti eskulturgileak egindako lanen erakusketa Betharram-etako elizan urtarrilaren 28a bitartean.

Emakume Baserritarraren Elkarteak (EBEL) Tolosan martxan jarri duen ekimena da, orain Azpeitira etorri den eskulturen erakusketa hau. Elkarte honek, duela bi urte hasitako ekimena da, eta hasiera hasieratik Juan Gorriti eskulturgileak parte hartu du, honek ehun eskulturarekin osatutako bilduma bat egin baitu. Ekimenaren helburuetariko bat Emakume Baserritarraren lanaren errekonozimendu gisa Baserriko Argia eskultura handia burutzea da, honetarako Baserriko Argia eskultura serie txikien bitartez finantza bidea lortuaz. Aldi berean, ekimen hau “Emakume Baserritarraren errealitatea eta egun baserriek bizi duten egoeraren adierazletzat” erabili nahi dute. Erakusketa Azpeitian urtarrilaren 28ª bitartean irekita izango da Betharrametako elizan, gaur egun erakusketa areto bezala moldatu dena. Asteartetan, herrian azoka dela eta goiz eta arratsalde irekita izango da eta gainontzeko astegunetan arratsaldetan irekiko da, 17:00etatik 19:00etara.

Emakume baserritarraren lana eta izaeraren aldarrikapena egin nahi dute EBEL-eko kideek eta horretarako Baserriko Argia ekimena aitzakiatzat hartuta, euren izaera eta lanaren erre-konozimendua aldarrikatu nahi dute. Erakusketaren irekieran EBEL-eko lehendakaria den Amelia Jauregik “emakume base-rritarraren gizarteratzea” dela helburua azpimarratu zuen: “folklore hutsean gelditu gabe baserritarra”. Eta gaineratu zuen, “baserritarrengatik aritzen garenean, askotan uste da tribu bat garela, baina baserritarrak langile batzuk gara. Feriak eta egiten direnean, baserritarrez jantzita-eta ateratzen da jendea. Ordea, gu gure produktuekin hantxe egoten gara eta hori da gure lanaren fruitua; guk gure errealitatea erakutsi nahi dugu. Eta emakume baserritarrak garen aldetik guk gure aldarrikapenak egin nahi ditugu”.

EBEL-eko lehendakariak Baserriko Argia erakusketaren irekieran baserriak kulturan duen garrantzia ere azpimarratu zuen, “baserriak izan duen garrantzia gizarteratu nahi dugu”. Hala nola, gaur egun kale etxeetan-eta jartzen diren kutxa zaharrek edota uztarriek gordetzen duten “historia” gogorarazi zuen alegia. “Gure ondorengoei erakusteko ere balio du etxean daukagun uztarri zahar horrek: lehen soroak lantzen zirenean baserritarrak eguneroko ogia hortik ateratzen zuen. Eta gaur egun gordetzen ditugun kutxa zaharretan berriz, euskara mantendu da. Bertan mantendu eta piztu da, jende arrotza gure sukalde beroan hartuaz. Baserriko sukaldetan euskaraz hitz egin baita”.